13 Eta hiriren batean sar baledi, berriz, israeldar guztiek lokarriak ekarriko lituzkete eta errekaraino eramango genuke hiri hori arrastaka, harri koxkor bat ere utzi gabe.
14 Orduan, Absalomek eta israeldar guztiek esan zuten:—Huxai arkitarraren aholkua hobea da Ahitofelena baino.Izan ere, erabakia zuen Jaunak Ahitofelen aholkua, ona izan arren, bertan behera uztea, Absalom hondamenera eramateko.
15 Huxaik esan zien, gero, Tzadok eta Abiatar apaizei:—Hau eta hau aholkatu die Ahitofelek Absalomi eta Israelgo herri-arduradunei; nik, aldiz, beste hau aholkatu diet.
16 Bidali bizkor albiste hau Davidi: «Ez eman gaua basamortuko lautadetan; igaro zaitez beste aldera, irents ez zaitzaten zu eta zurekin diren guztiak».
17 Jonatan eta Ahimaatz Rogel iturri ondoan zeuden, hirian sartzen inork ez ikusteko. Neskame bat etorri behar zitzaien dena jakinaraztera, eta beraiek David erregeari adieraztera joan behar zuten.
18 Baina batek ikusi eta Absalomi jakinarazi zion. Orduan, biak, bizkor ibiliz, Bahurimgo gizon baten etxean sartu eta patioko putzuan gorde ziren.
19 Etxekoandreak estalki bat hartu, putzu-ahoaren gainean ezarri eta ale garbitua zabaldu zuen gainean; ez zen deus ere igartzen.