15 Hasi ziren berriro borrokan filistearrak israeldarren aurka. Jaitsi zen David bere gizonekin filistearren kontra gudukatzera, baina nekatu egin zen.
16 Refatarren ondorengoetarikoa zen Ixbi-Benobek David hilko zuela esan zuen; guda-jantzi berria zeraman; lantzaren punta hiru kilo baino gehiago zen.
17 Tzeruiaren seme Abixaik, ordea, erregeari laguntzera etorriz, filistearra jo eta hil egin zuen. Orduan, zin eragin zioten bere gizonek Davidi:—Ez zara aurrerantzean gudura aterako gurekin, Israelen zuzia itzal ez dadin.
18 Gerora, beste gatazka bat izan zen God hirian filistearren kontra. Huxako Sibekaik hil egin zuen Saf, refatarren ondorengoa hau ere.
19 God hirian filistearren kontra izan zen beste gatazka batean, Belengo Jairren seme Elhananek Gateko Goliat hil zuen; honen lantza-kirtena ehuleen ardatza adinakoa zen.
20 Izan zen gero beste gatazka bat ere Gat hirian. Bazen han gizon erraldoi bat esku-oinetan seina behatz, orotara hogeita lau behatz zituena, refatarren ondorengoa.
21 Erronka egin zien israeldarrei; baina Jonatanek, Daviden anaia Ximaren semeak, hil egin zuen.