11 Biharamun goizean David jaiki zenerako, zuzendua zion Jaunak bere hitza Gad-i, Daviden zerbitzura zegoen profetari, esanez:
12 «Zoaz Davidengana eta esaiozu: “Hau dio Jaunak: Hiru zigor ipiniko dizkizut aukeran; hautatu bat eta huraxe ezarriko dizut”».
13 Joan zen, beraz, Gad Davidengana eta horren berri eman zion, esanez:—Zer nahi duzu: zazpi urteko gosealdia zeure lurraldean, hiru hilabeteko ihesaldia etsaia ondoren duzularik, ala hiru eguneko izurritea zeure lurraldean? Hausnar ezazu, beraz, ea zer erantzun behar diodan bidali nauenari.
14 Davidek, orduan, Gadi:—Hau larriaren handia! Hobe Jaunaren eskuetan erori, handia baita haren errukia. Ez nadila, ordea, eror giza eskuetan!
15 Jaunak, orduan, izurritea bidali zuen Israelera, goiz hartatik hasi eta esaniko epea bete arte. Herriko hirurogeita hamar mila gizon hil ziren Dandik Beer-Xebaraino.
16 Eta aingerua Jerusalem hondatzeko eskua luzatzen ari zelarik, atzera egin zuen Jaunak kalte hura bidaltzetik eta esan zion herria xehatzen ari zen aingeruari:—Atzera esku hori! Aski da!Une hartan Jaunaren aingerua Arauna jebustarraren larrain ondoan zegoen.
17 Herria xehatzen ari zen aingerua ikustean, honela mintzatu zitzaion Jaunari David:—Neuk egin dut bekatu! Artzain hau da errudun! Bildots hauek, ordea, zer egin dute? Zigor gaitzazu, arren, ni eta nire senitartekoak.