2 Erregeak esan zion Joab bere gudalburuari:—Zoaz Israelen barna leinuz leinu, Dandik Beer-Xebaraino, eta egin herritar guztien zenbaketa, zenbat diren jakin dezadan.
3 Joabek ihardetsi zion erregeari:—Orain dena baino ehun bider handiago egin dezala herria Jaunak, zure Jainkoak, eta ikus dezala bere begiz errege jaunak! Baina zertarako nahi du ene errege jaunak halakorik egin?
4 Hala ere, erregeak bere agindua betearazi zien Joabi eta gudalburuei. Beraz, Joab, gudalburu guztiekin, erregearen aurretik atera eta israeldarren zenbaketa egitera joan zen.
5 Iragan zuten Jordan ibaia, eta Aroer-tik eta ibarraren erdian dagoen hiritik hasirik, Gad lurraldean zehar, Jazer-eraino heldu ziren.
6 Gero, Galaadera eta hititen lurraldera, Kadexera, joan ziren; baita Dan-Jaanera eta Sidongo inguruetara ere.
7 Tiroko hiri gotorrera ere iritsi ziren; baita hibiarren eta kanaandarren hiri guztietara ere. Azkenik, Judako Negev-erantz abiatu ziren, Beer-Xebara.
8 Horrela zeharkatu zuten lurralde osoa eta, bederatzi hilabete eta hogei egunen buruan, Jerusalemera heldu ziren.