9 Herritarrak zenbat ziren adierazi zion Joabek erregeari: Israelen zortziehun mila ziren ezpata erabil zezaketen gerra-gizonak, eta Judan bostehun mila.
10 Herritarren zenbaketa egin ondoren, bihotzeko harra sentitu zuen Davidek eta esan zion Jaunari:—Bekatu astuna egin dut, bai. Hala ere, Jauna, barkatu zeure zerbitzari honen bekatua, erokeria egin baitut.
11 Biharamun goizean David jaiki zenerako, zuzendua zion Jaunak bere hitza Gad-i, Daviden zerbitzura zegoen profetari, esanez:
12 «Zoaz Davidengana eta esaiozu: “Hau dio Jaunak: Hiru zigor ipiniko dizkizut aukeran; hautatu bat eta huraxe ezarriko dizut”».
13 Joan zen, beraz, Gad Davidengana eta horren berri eman zion, esanez:—Zer nahi duzu: zazpi urteko gosealdia zeure lurraldean, hiru hilabeteko ihesaldia etsaia ondoren duzularik, ala hiru eguneko izurritea zeure lurraldean? Hausnar ezazu, beraz, ea zer erantzun behar diodan bidali nauenari.
14 Davidek, orduan, Gadi:—Hau larriaren handia! Hobe Jaunaren eskuetan erori, handia baita haren errukia. Ez nadila, ordea, eror giza eskuetan!
15 Jaunak, orduan, izurritea bidali zuen Israelera, goiz hartatik hasi eta esaniko epea bete arte. Herriko hirurogeita hamar mila gizon hil ziren Dandik Beer-Xebaraino.