15 Oihu eta adar-hots artean zeramaten Jaunaren kutxa Davidek eta israeldar guztiek.
16 Jaunaren kutxa Daviden Hirira sartzen ari zelarik, Saulen alaba Mikal leihotik begira zegoen eta David erregea Jaunaren aitzinean jauzika eta dantzan ikusi zuen, eta arbuiatu egin zuen bere baitan.
17 Eraikia zuen Davidek oihal-etxola Jaunarentzat, eta han sartu zuten Jaunaren kutxa, eta erdian ezarri, bere tokian. Orduan, erre-opariak eskaini zizkion Davidek Jaunari, baita elkartasun-opariak ere.
18 Erre-opariak eta elkartasun-opariak eskaintzen bukatu zuenean, bedeinkatu egin zuen herria Jaun ahalguztidunaren izenean.
19 Ondoren, herri osoari, israeldar jendetza guztiari, gizaseme nahiz emakume, opil bana, haragi-zati bana eta mahaspasa-opil bana eman zizkien. Orduan, jende guztiak nork bere etxera alde egin zuen.
20 David bere jauregia bedeinkatzeko itzuli zenean, Saulen alaba Mikal atera zitzaion, esanez:—Itxura ederra azaldu du gaur Israelgo erregeak, bere morroi-mirabeen aurrean biluzik, edozein lagun zirtzil biluzik jarriko litzatekeen bezala, jarriz!
21 Davidek esan zion Mikali:—Jaunaren aurrean dantzatu naiz, bai. Berak aukeratu nau zuen aitaren eta beronen etxeko guztien ordez, eta Israel Jaunaren herriaren agintari egin nau. Berriro ere dantzatuko naiz Jaunaren aurrean;