1 «“Neuk ere lagundu eta suspertu nuen bera, Dario mediarraren erregealdiko lehen urtean.
2 Eta orain, hona agertu behar dizudan egiazko mezua:«“Begira, hiru errege izango dira oraindik Pertsian. Eta horien ondoren, aurrekoak baino aberastasun gehiago izango duen laugarren bat. Bere aberastasunek nahiko indarra emango diotenean, inon direnak egingo ditu Greziako erregeari erasotzeko.
3 Baina errege ausart bat sortuko da Grezian. Erreinu txit handia jaso eta nahi duena egingo du.
4 Hala ere, bere nagusitza nahiko finkatua dukeenean, zatitua eta ortziko lau ertzetara sakabanatua izango da. Ez dute errege haren jatorrikoek beraren oinordekotza hartuko; beste jende batzuen artean banatuko dute, eta ez du lehengo indarrik izango.
5 «“Hegoaldeko erregea ahaltsua izango da; haren gudalburuetako bat indartsuago egingo da, ordea, eta aginte handiagoa izango du.
6 Urte batzuen buruan elkartasuna egingo dute: hegoaldeko erregearen alaba iparraldeko erregearekin ezkonduko da, bakezkoak egiteko. Baina asmo honek porrot egingo du. Izan ere, bizia galduko dute, bai berak, baita beraren senar, seme eta zerbitzariek ere.