33 hankak burdinazkoak; oinak, berriz, burdinazko eta buztinezkoak.
34 Zu hari begira zeundela, harri bat atera zen menditik, inork ere bultzatu gabe, eta irudiaren burdinazko eta buztinezko oinak jo eta txiki-txiki egin zituen.
35 Une berean, burdina eta buztina ez ezik, brontzea, zilarra eta urrea ere hauts eginda gelditu ziren, eta haizeak eraman zituen, udan larraineko lastoa bezala, arrastorik ere utzi gabe. Bitartean, irudia jo zuen harria mendi handi bilakatu zen, eta mundu osoa bete zuen.
36 Horixe izan da zure ametsa, errege jauna. Orain, ametsaren esanahia azalduko dizut.
37 «Zeu zara denetan erregerik handiena. Zeuri eman dizkizu zeruko Jainkoak erregetza, agintea, ahalmena eta ohorea;
38 zure menpe utzi ditu gizon-emakumeak, piztiak eta hegaztiak, nonahi bizi direla ere; guztien nagusi egin zaitu. Urrezko burua zeu zara!
39 Zure ondoren, beste erreinu bat sortuko da, zurea baino txikiagoa. Gero hirugarren bat, brontzezkoa, mundu osoa menderatuko duena.