1 Babiloniako errege Belxatzarren erregealdiko lehen urtean, ametsa eta ikuskariak izan zituen Danielek ohean zegoela. Gero, idatzi egin zuen ametsa.
2 Hona Danielen kontakizuna: «Ikuskari bat izan nuen gauez: Ortziko lau ertzetatik haize indartsu batek itsaso handia harrotzen zuen.
3 Eta lau piztitzar, laurak ezberdinak, atera ziren itsasotik.
4 Lehenengoak lehoia zirudien, baina arranoaren hegalak zituen; hari begira nengoela, kendu egin zizkioten hegoak eta, lurretik altxaraziz, bi hanken gainean jarrarazi zuten, gizakia bezala, eta giza adimena eman zioten.
5 Bigarren piztiak hartza zirudien: erdi jaikita zegoen eta ahoan, hortz artean, hiru saihets-hezur zituen. Honela esan zioten: “Jaiki eta jan haragia ugari!”
6 Gero, begira nengoela, beste piztia bat ikusi nuen, lehoinabarraren antzekoa: bizkarraldean lau hego zituen eta lau buru, eta boterea eman zioten.