14 Zeuen seme-alaba eta morroi-mirabeekin eta zuekin hiri berean bizi diren lebitar, etorkin, umezurtz eta alargunekin batera ospatuko duzue festa.
15 Zazpi egunez egingo duzue jai, Jaunak zuen Jainkoak beretzat aukeratuko duen lekuan, zeuen poza adieraziz, Jaunak zeuen Jainkoak uzta oparoak eman eta eginkizun guztietan bedeinkatuko zaituztelako.
16 «Urtean hiru aldiz aurkeztuko dira gizaseme guztiak Jaunaren zuen Jainkoaren aurrean, berak aukeratuko duen lekuan: Legamia gabeko Ogien Jaian, Asteen Jaian eta Etxola Jaian, alegia. Ez da inor Jaunaren aurrean esku-hutsik agertuko;
17 nork bere eskaintza eramango du, Jaunaren zuen Jainkoaren bedeinkazioaz izandako ondasunen arabera.
18 «Epaileak eta funtzionarioak ezarriko dituzue leinuetan, Jaunak zeuen Jainkoak emango dizkizuen hiri bakoitzean, herritarren auziak zuzenbidez erabaki ditzaten.
19 «Ez okertu zuzenbidea alderdikeriaz jokatuz; ez onartu eskupekorik, itsutu egiten baititu pertsona jakintsuak ere eta hondatu egiten zintzoen epaia.
20 Izan dezazuela justizia helburu, eta justizia bakarrik; horrela, bizi egingo zarete eta Jaunak zeuen Jainkoak emango dizuen lurraldeaz jabetuko.