13 baizik eta itzuli egingo diozue eguzkia sartzerako, gauez zerekin estali izan dezan eta bedeinka zaitzaten; Jaunak zeuen Jainkoak kontuan hartuko dizue zeuen egintza ona.
14 «Ez duzue jornalari dohakabea eta behartsua zurrupatuko, nahiz herritarra, nahiz zuen herrialdean, zuen hiri berean, bizi den etorkina izan.
15 Egunean eguneko lansaria emango diozue, eguzkia sartu baino lehen; izan ere, behartsua da eta premia-premiazkoa du soldata. Bestela, deiadar egingo dio Jaunari zuen kontra eta errudun izango zarete.
16 «Ez da gurasorik seme-alaben erruarengatik heriotzara emango, ezta seme-alabarik ere gurasoenagatik: nor bere bekatuagatik hilko dute.
17 «Ez dituzue etorkinen eta umezurtzen eskubideak baztertuko, ezta alargunaren arropak bahituran hartuko ere.
18 Izan gogoan zeuek ere esklabo izan zinetela Egipton eta Jaunak zeuen Jainkoak askatu egin zintuztela bertatik; horregatik agintzen dizuet xedapen hori betetzeko.
19 «Uzta biltzean, gari-balarik soroan ahaztuta uzten baduzue, ez itzuli haren bila. Etorkin, umezurtz eta alargunentzat izango da, Jaunak zeuen Jainkoak eginkizun guztietan bedeinka zaitzaten.