1 «Orain bada, israeldarrok, onartu irakasten dizkizuedan lege eta erabakiak, eta bete; horrela, biziko zarete eta Jaunak zeuen arbasoen Jainkoak ematen dizuen lurraldeaz jabetuko.
2 Ez erantsi, ez kendu, nik agintzen dizuedanetik ezer; aitzitik, bete nik Jaunaren zeuen Jainkoaren izenean ematen dizkizuedan aginduak.
3 Zeuen begiz ikusia duzue Jaunak Baal-Peorren eginikoa: nola suntsitu zituen zuen artetik Peorko Baal jainkoari jarraitu zioten guztiak;
4 zuek, berriz, Jaunari zeuen Jainkoari atxikirik iraun zenutenok, bizirik zaudete oraindik.
5 Hara, Jaunak nire Jainkoak agindutako legeak eta erabakiak irakasten dizkizuet, jabetzan hartzera zoazten lurraldean bete ditzazuen.
6 Bete arretaz, horrek jakintsu eta buruargi egingo baitzaituzte herrien begietan. Lege hauen berri jakitean, esango dute: “Bai herri jakintsu eta buruargia nazio handi hau!”