10 Hebron hirian bizi ziren kanaandarren kontra ere jo zuten judatarrek —antzina Hebron hiriari Kiriat-Arba deitu ohi zioten—, eta Xexai, Ahiman eta Talmai menderatu zituzten.
11 Handik, Debir hiriko bizilagunen kontra joan ziren judatarrak —ordu arte Debir hiriari Kiriat-Sefer deitzen zioten—.
12 Kalebek esan zuen: «Kiriat-Seferri eraso eta har dezanari neure alaba Aksa emanen diot emaztetzat».
13 Kenazen seme eta Kaleben anaia gazteenak, Otnielek, hartu zuen hiria, eta Kalebek bere alaba Aksa eman zion emaztetzat.
14 Neska heldu zenean, bere aitari lursail bat eskatzera bultzatu zuen Otnielek. Neska asto gainetik jaistean, galdetu zion aitak:—Zer nahi dun?
15 Aksak erantzun:—Egidazu beste erregalu bat. Eman didazun lurra elkorra da; emazkidazu urtegiak ere.Orduan, goiko eta beheko urtegiak eman zizkion Kalebek.
16 Moisesen aitaginarreba izandako kendar haren ondorengoak, judatarrekin batera, Palmondoen Hiritik Judako basamortura, Aradeko hegoaldera, joan eta bertako jendearekin bizi izan ziren.