2 Horregatik, Danen leinukoek beren senitarteetako bost gizon, Tzora eta Extaol hirietako bost gizon adoretsu, bidali zituzten, lurraldean zehar ibili eta ikertzeko aginduz. Gizon haiek Efraimgo mendialdera jo zuten, Mikaren etxera, eta bertan gaua eman.
3 Mikaren etxean zeudelarik, lebitar gaztearen ahotsa ezagutu zuten eta, berarengana zuzenduz, galdetu zioten:—Nork ekarri zaitu hona? Zer ari zara? Zertan zabiltza hemen?
4 Lebitarrak erantzun:—Honela eta honela hartu nau Mikak; ordaindu egiten dit, beraren apaiz izateko.
5 Orduan, esan zioten gizonek:—Otoi, egiozu kontsulta Jainkoari; hasi dugun ibilaldi honek azken ona izango duen ala ez jakin nahi dugu.
6 Apaizak erantzun zien:—Zoazte bakean. Begi onez ikusten du Jaunak hasi duzuen ibilaldia.
7 Bost gizonak abiatu eta Laixera heldu ziren. Eta ikusi zuten hango bizilagunak seguru bizi zirela, Sidongoen antzera, bakean eta lasai. Ez zioten inolako atsekaberik ematen agintariari. Laixkoak urrun zeuden sidondarrengandik eta ez zuten inolako harremanik inorekin.
8 Bost gizon haiek Tzora eta Extaolera itzultzean, beren senideek galdetu zieten:—Zer berri?