24 Hemen daude neure alaba, birjina oraindik, eta gizon honen ohaidea; biak aterako dizkizuet. Bortxa itzazue eta egiezue nahi duzuena, baina gizon honi ez egin halako zitalkeriarik.
25 Gizon haiek, ordea, ez zioten kasurik egin. Orduan, lebitarrak bere ohaidea atera zien kanpora, eta haiek gau osoan ari izan ziren emakumea bortxatzen eta eguna argitzean utzi zuten.
26 Egunsentian, bere senarrari ostatu eman zion gizonaren etxera itzuli zen emakumea, baina ate ondoan eroria gelditu zen eguna argitu zuen arte.
27 Lebitarrak, goizean goiz jaiki eta bideari ekiteko atea ireki zuenean, han aurkitu zuen bere ohaidea, etxeko atarian eroria, eskuak atondoan zituela.
28 Gizonak esan zion:—Jaiki eta goazen.Baina ez zuen erantzunik izan. Orduan, jaso zuen asto gainera gorpua eta bere lurralderantz abiatu zen lebitarra.
29 Etxera heldurik, labana hartu eta hamabi puskatan zatikatu zuen emakumearen gorpua eta Israelgo lurralde guztietara bidali zituen puskak.
30 Hori ikusi zutenek esan zuten: «Ez da horrelakorik gertatu, ezta ikusi ere inoiz, israeldarrak Egiptotik igo zirenez geroztik gaur arte. Pentsa ezazue honetaz, eztabaidatu eta erabaki».