17 Baina israeldarrak, buruzagi haiei aditu ordez, desleial izan ziren Jainkoarekiko eta sasijainkoak gurtu zituzten, berauen aurrean ahuspeztuz. Berehala okertu ziren gurasoen bidetik; hauek bai aditu zituztela Jaunaren aginduak! Baina ondorengoek ez zuten berdin jokatu.
18 Buruzagiren bat sorrarazten zuenean, bizitza osoan laguntzen zion Jaunak; horrela, beren etsaiengandik salbatu egiten zituen israeldarrak. Izan ere, hunkitu egiten zen haietaz Jauna, beren menderatzaile eta laidoztatzaileen azpian egiten zituzten negarrengatik.
19 Buruzagia hiltzean, ordea, berriro gaiztotzen ziren israeldarrak, beren gurasoak baino gehiago gaiztotu ere. Sasijainkoetara jo eta gurtu egiten zituzten, berauen aitzinean ahuspeztuz. Ez zituzten aldatzen beren jarduera gaizto eta jokabide setatsuak.
20 Orduan, Jaunak, Israelen kontra biziki haserreturik, esan zuen: «Herri honek hautsi egin du gurasoekin egin nuen ituna eta ez du aintzat hartu nire esana.
21 Beraz, nik ere ez dut botako beraren aurretik Josuek, hiltzean, utzi zituen jentil-herri horietariko bat ere».
22 Izan ere, herri haietaz baliatu nahi izan zuen Jaunak Israel probatzeko eta, gurasoen erara, Jaunaren bideetan zebilen ala ez ikusteko.
23 Horra, bada, zergatik utzi zien Jaunak jentil-herri haiei bertan bizitzen, lurralde hartatik berehala egotzi gabe eta Josueren menpe jarri gabe.