5 Horregatik, toki hari Bokim deitu zioten, hau da, «Negartiak». Gero, opariak eskaini zizkioten bertan Jaunari.
6 Josuek bidali egin zuen herria, eta israeldarrak nor bere lurraldearen jabetza hartzera joan ziren.
7 Josue bizi izan zen bitartean, israeldarrek Jauna gurtu zuten; Josue hil ondoren bizirik jarraitu eta Jaunak Israelen alde eginiko egintza handiak ikusiak zituzten arduradunak bizi izan ziren bitartean ere bai.
8 Ehun eta hamar urte zituelarik hil zen Josue, Nunen semea, Jaunaren zerbitzaria.
9 Beraren jabegoa zen lurraldean ehortzi zuten, Timnat-Heres hirian, Efraimgo mendialdean, Gaax mendiaren iparraldera.
10 Hil zen, ordea, orduko belaunaldi hura ere, eta ondoren etorritako belaunaldiak ez zuen ezagutu Jauna, ezta Jaunak Israelen alde egina ere.
11 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuten israeldarrek, Baal sasijainkoaren idoloak gurtuz.