2 Jaunak, orduan, Hatzor hirian kanaandarren errege zen Jabinen esku utzi zituen. Sisera zuen izena haren gudarostearen buruzagiak eta Haroxet-Goim hirian bizi zen.
3 Siserak burdinazko bederatziehun guda-gurdi zituen eta hogei urtez gogor zanpatu zituen israeldarrak; horregatik, israeldarrek dei egin zioten Jaunari.
4 Aldi hartan, Lapidoten emazte Debora profetesak gobernatzen zuen Israel.
5 Andre hura Deboraren Palmondopean jarri ohi zen, Rama eta Betel artean, Efraimgo mendialdean, israeldarrek eramaten zizkioten auziak erabakitzera.
6 Behinola, Neftaliren lurraldeko Kedex hirian bizi zen Barak izeneko bati, Abinoamen semeari, dei egin eta esan zion Deborak:—Hona hemen Jaunak, Israelen Jainkoak, damaizun agindua: «Zoaz eta bil itzazu zeurekin Tabor mendian Neftali eta Zabulonen leinuetako hamar mila gizon.
7 Nik Kixon errekara ekarriko dizut Sisera, Jabinen gudarostearen buruzagia, bere guda-gurdi eta gudari-taldearekin, eta eskura emango».
8 Barakek erantzun:—Nirekin baldin bazatoz, joango naiz; bestela, ez.