20 Jaunaren aingeruak esan zion:—Hartu okela eta legamia gabeko ogiak eta ezarri haitz horren gainean, eta isuri salda.Halaxe egin zuen Gedeonek.
21 Orduan, Jaunaren aingeruak, eskuan zuen makila luzatuz, muturraz okela eta legamia gabeko ogiak ukitu zituenean, sugarra atera zen haitzetik, okela eta legamia gabeko ogiak kiskaliz. Gero, desagertu egin zen Jaunaren aingerua Gedeonen aurretik.
22 Jaunaren aingerua izan zela ohartzean, Gedeonek esan zuen:—Ai, ene Jainko Jauna! Jaunaren aingerua ikusi dut aurrez aurre!
23 Jaunak esan zion:—Bakea zurekin! Ez izan beldurrik, ez zara hilko.
24 Gedeonek aldarea eraiki zuen bertan Jaunaren omenez, eta «Jauna bakea» izena eman zion. Han dago gaur ere oraindik, Ofran, Abiezerren senitartekoen hirixkan.
25 Gau hartan bertan, Jaunak esan zion Gedeoni:—Hartzazu aitaren idiskoa, zazpi urtekoa. Eraitsi gero aitak zaintzen duen Baalen aldarea eta puskatu haren ondoan dagoen zutoin sakratua.
26 Ondoren, eraiki arreta handiz aldarea Jaunari, zeure Jainkoari, babesleku honen gailurrean eta, zezena harturik, eskain ezazu erre-oparitzat, puskatuko duzun zutoin sakratuaren egurren gainean.