4 Gedeonek eta bere hirurehun gizonek Jordan ibaia igaro zuten. Nekatuak zeuden, baina jarraitu egin zuten madiandarren ondoren.
5 Sukot hirira heldurik, esan zien hango bizilagunei:—Eman, mesedez, talo batzuk nirekin datozen gizonei, nekaturik baitaude. Madiandarren errege Zebah eta Tzalmunaren atzetik gabiltza.
6 Baina Sukoteko buruzagiek erantzun zioten:—Atzeman al dituzu, bada, Zebah eta Tzalmuna? Ez! Hortaz, zer dela-eta eman behar diogu jaten zure gudari-taldeari?
7 Gedeonek esan zien:—Ongi da. Baina Jaunak Zebah eta Tzalmuna nire esku uztean, basamortuko otez eta garduz urratuko zaituztet.
8 Handik Penuel hirira igo eta gauza bera esan zien hangoei ere; baina Sukoteko jendeak bezalaxe erantzun zioten Penuelgoek.
9 Eta haiei ere esan zien Gedeonek:—Garaile etortzean, eraitsi egingo dut zuen dorre hau.
10 Zebah eta Tzalmuna Karkor hirian ziren beren gudarostearekin. Hamabost mila gizon besterik ez zuten; izan ere, ekialdeko jendearen gudarosteko ehun eta hogei mila gudari galduak ziren.