21 Ondoren, Jotamek ihes egin zuen; Beer-era joan eta bertan bizi izan zen, bere anaia Abimelekengandik urrun.
22 Hiru urtez agindu zuen Abimelekek Israelen.
23 Aldi hartan, haserreak sorrarazi zituen Jainkoak Abimeleken eta Sikemgo nagusien artean, eta hauek Abimeleken kontra jaiki ziren.
24 Horrela, Jerubaalen hirurogeita hamar semeei eginiko sarraskia ordaindu eta haien hilketaren errua beren gain hartu behar izan zuten, bai Abimelekek, berak hil baitzituen bere anaiak, baita Sikemgo nagusiek ere, hilketa hartan lagundu egin baitzioten.
25 Abimeleki kalte egiteko, Sikemgo nagusiek gizon-taldeak ipini zituzten mendi-gailurretan, inguruetako bideetatik zihoazenei lapurretan egiteko. Abimelekek izan zuen horren berri.
26 Hortan, etorri zen Sikemera Gaal izeneko bat, Ebeden semea, eta Sikemgo nagusien konfiantza bereganatu zuen.
27 Landara irtenik, mahatsa bildu eta zapaldu ondoren, festak antolatu zituzten; beren jainkoen jauretxean sartu eta jan-edanean ari izan ziren, Abimelek madarikatuz.