1 Hemen kontatzen dena Pertsiako errege Asueroren garaian gertatu zen. Asueroren erresuma Indiatik Etiopiara zabaltzen zen, ehun eta hogeita zazpi eskualde zituelarik.
2 Susa zeritzan hiriburuan zuen Asuerok bere errege-aulkia.
3 Bere erregealdiko hirugarren urtean otordu handia eman zien bere funtzionario nagusi guztiei, Pertsia eta Mediako gudarosteen buruzagiak eta eskualdeetako gobernariak bere inguruan bilduz.
4 Beraren erregetza hain ospetsu egiten zuten aberastasunak eta bere handitasunaren ederra eta distira erakutsi nahi izan zizkien luzaro, sei hilabetez.
5 Aldi honen buruan, Susa hirian ziren denentzat, bai handienentzat, bai apalenentzat, astebetez luzatu zen otordua antolatu zuen erregeak bere jauregiko lorategi-atarian.
6 Bazen han zintzilik liho zurizko eta purpura morezko oihalik; liho eta purpura gorrizko lokarriz zeuden lotuak zilarrezko eraztunetara eta marmolezko zutabetatik esekiak. Urrezko eta zilarrezko etzaulki asko zen han, eta zorua jade, marmol, nakar- eta azabatxe-harlauzaz egina zen.