9 Begiz jo zuen honek Ester, oso atsegina gertatu baitzitzaion; behar zituen apaingarriak eta beste gauza guztiak eskuratu zizkion berehala; gainera, jauregikoen artean aukeraturiko zazpi neskame eman zizkion eta haremeko gelarik hoberenera eraman zuen bere neskameekin batera.
10 Esterrek ez zuen adierazi zein herri eta zein jatorritakoa zen, Mardokeok agindua baitzion ez esateko.
11 Mardokeo haremeko atari aurrean ibili ohi zen egunero, Ester osasunez nola ote zegoen eta nola ote zerabilten jakin nahiz.
12 Hamabi hilabeteren buruan, emakumeentzat agindua zegoen epea bete ondoren, neskatxa bakoitzari Asuero erregearen aitzinera agertzeko txanda etortzen zitzaion. Edertzeko igurzketak honela egin ohi ziren: sei hilabetez mirra-olioz, eta hurrengo seietan emakumeek erabili ohi dituzten lurrin eta usainki gozoz.
13 Neskatxa batek erregearen aurrera azaldu behar zuenean, apaintzeko eskatzen zuen guztia eman ohi zioten, haremetik jauregira berekin eraman zezan.
14 Ilunabarrean sartzen zen jauregira, eta biharamun goizean beste harem batera joan ohi zen, Xaaxgaz-en, erregearen emakume-zain zen irenaren, ardurapean jarriz. Ez zen berriro erregearen aurrera agertuko, erregeak bera desiratu eta deitu ezik.
15 Heldu zitzaion, bada, Esterri, Mardokeok alabatzat hartua zuen bere osaba Abihailen alabari, erregearen aurrera agertzeko txanda. Horretarako, emakume-zain zen Hegaik, erregearen irenak, esan ziona baizik ez zuen eskatu Esterrek. Ikusten zuten guztien onginahia bereganatzen zuen.