1 Ondoren, Haman, Hamedataren seme eta Agag-en jatorrikoa, goi-mailara jaso zuen Asuero erregeak, berekin zituen buruzagi guztien gain goratu eta eseraraziz.
2 Erregearen jauregiko funtzionario guztiak belaunikatzen eta ahuspezten ziren Hamanen aitzinean, erregeak horrela baitzuen agindua. Mardokeo, aldiz, ez zen belaunikatzen, ez ahuspezten.
3 Jauregiko funtzionarioek honela ziotsoten Mardokeori:—Zergatik ez duzu betetzen erregearen agindua?
4 Egunero esaten zioten arren, ez zien jaramonik egiten. Bera judua zela jakinarazi zien Mardokeok. Orduan, Hamani adierazi zioten hori, Mardokeok bere jokabideari eusten ote zion ikusteko.
5 Ikusi zuen Hamanek ez zitzaiola Mardokeo belaunikatzen, ez ahuspezten, eta biziki haserretu zen.
6 Mardokeo zein herritakoa zen adierazi ziotenean, eskua berari bakarrik eranstea gutxi zelakoan, Asueroren erresuman ziren judu guztiak ere galdu egin nahi izan zituen, harekin batera.
7 Asueroren erregealdiaren hamabigarren urteko lehen hilean, hots, Nisan hilean, «pur» edo zotz eginarazi zuen Hamanek, bere asmoak betetzeko egunik eta hilabeterik egokiena zein izango ote zen jakiteko. Hamabigarren hilaren, Adar hilaren, hamahirugarren eguna atera zen.