2 Erregearen jauregi aurrera heldu zelarik, gelditu egin zen, ezin baitzitekeen jauregian inor sar dolu-jantziz estalia.
3 Izugarrizko atsekabea zegoen, erregearen esanaren eta erabakiaren berri izan zuten eskualde guztietako juduen artean. Barau, negar eta aiene egin zuten eta haietarik asko zaku eta errauts gainean etzan zen.
4 Neskameak eta irenak Esterri joan zitzaizkion horren guztiaren berri ematera. Erregina erabat nahigabetu zen. Eta soinekoak bidali zizkion Mardokeori, dolu-jantzia erantzi eta haiek jantzi zitzan; Mardokeok, ordea, ez zuen nahi izan.
5 Deitu zuen Esterrek Hatak, bere zerbitzura erregeak jarri zizkion irenetariko bat, eta Mardokeogana igorri zuen, zer gertatzen eta zergatik zen jakitera.
6 Hala, irten zen Hatak Mardokeoren bila, jauregi aurrean zegoen plazara.
7 Gertatzen ari zen guztiaren berri eman zion Mardokeok; juduak suntsitzearen ordain, Hamanek erregearen gordailurako zenbateko dirutza agindua zuen ere jakinarazi zion.
8 Susa hirian aldarrikatua zegoen suntsitze-aginduaren kopia ere eman zion, Esterri erakutsi eta berri emateko; gainera, agindu hau eman zion Esterri: joan zedila erregeagana, beronen onginahia eskuratu eta bere herritarren alde egiteko.