3 Ester erreginak erantzun zion:—Begiko baldin banauzu, errege jauna, eta ongi iruditzen bazaizu, hona hemen zer nahi dudan: bizitzen uztea. Hona hemen zer eskatzen dudan: nire herritarrei bizitzen uztea.
4 Saldu egin baikaituzte ni eta nire herritarrak, hondatu, hil eta suntsi gaitzaten. Gizonak eta emakumeak esklabo saldu izan bagintuzte ere, isilduko nintzatekeen, ez baitzukeen horrek erregea nekaraztea merezi izango.
5 Orduan, erregeak galdegin zion Ester erreginari:—Nor da halako asmoak dituena? Non da hori?
6 Esterrek erantzun:—Gure zapaltzailea, gure etsaia, Haman duzu, maltzur-gaizto hau!Haman izutua gelditu zen errege-erreginen aurrean.
7 Erregea, haserre bizian, etzaulkitik jaiki eta jauregiko lorategira atera zen. Haman bertan gelditu zen, bizia salbatzeko Ester erreginari eskatuz, sumatu baitzuen erabakia zuela erregeak bere hondamena.
8 Erregea jauregiko lorategitik jangelara itzuli zenean, Ester zegoeneko etzaulkira makurtua zegoen Haman. Erregeak garrasika:—Gainera, erregina bortxatu nahi al duk neure aurrean, neure etxean?Horrenbestez, hiltzera kondenatua zegoen Haman.
9 Harbonak, erregearen aurrean zeuden laguntzaileetariko batek, esan zuen:—Hamanek prestatua du, hain zuzen, urkabea Mardokeorentzat, bizia salbatu zizunarentzat. Hamanen etxean dago eraikia, hogeita bost metro ditu.—Zintzilika bezate Haman bertan! —esan zuen erregeak.