7 Asuero erregeak ihardetsi zien Ester erreginari eta Mardokeo juduari:—Hara, juduak hondatzeko asmoa zuelako urkarazi nuen Haman, eta haren ondasun guztiak zuri eman dizkizut, Ester.
8 Idatzi zuek idazki bat erregearen izenean, juduen alderako egokien deritzazuen eran, eta zigila ezazue errege-eraztunaz. Izan ere, ezin baita baliogabe utzi erregearen izenean idatzia eta errege-eraztunaz zigilatua dagoen agiria.
9 Berehala deitu zituzten erregearen idazkariak. Hirugarren hilaren, hau da, Siban hilaren, hogeita hirua zen. Haiek, Mardokeoren aginduen arabera idatzi zieten ehun eta hogeita zazpi eskualdeetako juduei, erregeordeei, gobernariei eta buruzagiei, Indiatik Etiopiaraino, eskualde bakoitzeko idazkeran eta herri bakoitzeko hizkeran.
10 Asuero erregearen izenean zihoazen eta beraren izenean zigilatuak. Erregearen ukuiluetako zaldi berezien gainean bidali zituzten mezulariak gutunak eramatera.
11 Hona zer zioen: «Erregeak baimena ematen die hiri guztietako juduei, beren bizia salbatzeko bil daitezen. Eta edozein herri nahiz eskualdetako talde armaturen batek erasoko balie, baimena dute juduek haien haurrak eta emazteak ere hondatu, hil eta suntsitzeko eta haien ondasunak hartzeko.
12 Eta hau, Asuero erregearen menpeko eskualde orotan, egun berean, hamabigarren hilaren, hots, Adar hilaren, hamahiruan.
13 Eskualde orotan behar da idazki hau legetzat oihukatu eta herri guztietan hots egin, esaniko egunean juduak prest egon daitezen, beren etsaiei mendeku egiteko».