15 Susako juduak, berriz, bildu ziren Adar hilaren hamalauan ere, eta hirurehun gizaseme hil zituzten Susan; hala ere, ez zituzten haien ondasunak ostu.
16 Erregearen gainerako eskualdeetan ere bildu ziren juduak beren biziak etsaiengandik babesteko; hirurogeita hamabost mila hil zituzten beren etsaietarik, baina ez zituzten haien ondasunak harrapatu.
17 Adar hilaren hamahiruan gertatu zen hau eta hamalauan atseden hartu zuten, otordu- eta jaiegun bihurtuz.
18 Susako juduak, aldiz, hamahiruan eta hamalauan bildu ziren etsaiak hiltzeko, eta hamabostean atseden hartu zuten, otordu- eta jaiegun bihurtuz.
19 Hona, bada, zergatik egiten duten jaiegun Adar hilaren hamalaua herri eta auzoetan sakabanaturik bizi diren juduek, otordu alaiak eratuz eta elkarri esku-erakutsiak bidaliz.
20 Mardokeok idatziz eman zituen gauza hauek eta Asuero erregearen agintepeko eskualde orotako judu guztiei gutunak igorri zizkien, nola urrutikoei hala hurbilekoei.
21 Adar hilaren hamalaua eta hamabosta urtero jai egiteko agintzen zien.