17 Adar hilaren hamahiruan gertatu zen hau eta hamalauan atseden hartu zuten, otordu- eta jaiegun bihurtuz.
18 Susako juduak, aldiz, hamahiruan eta hamalauan bildu ziren etsaiak hiltzeko, eta hamabostean atseden hartu zuten, otordu- eta jaiegun bihurtuz.
19 Hona, bada, zergatik egiten duten jaiegun Adar hilaren hamalaua herri eta auzoetan sakabanaturik bizi diren juduek, otordu alaiak eratuz eta elkarri esku-erakutsiak bidaliz.
20 Mardokeok idatziz eman zituen gauza hauek eta Asuero erregearen agintepeko eskualde orotako judu guztiei gutunak igorri zizkien, nola urrutikoei hala hurbilekoei.
21 Adar hilaren hamalaua eta hamabosta urtero jai egiteko agintzen zien.
22 Izan ere, egun horietan iritsi baitzuten juduek bakea beren etsaien aurrean; hil horretan aldatu zitzaien egoera, atsekabea atsegin eta negarra bozkario bihurtuz. Egun horietan, bada, jai alaiak eta otorduak behar zituzten egin, elkarri erregaluak bidaliz eta behartsuei esku-erakutsiak eginez.
23 Juduek ontzat eman zuten, behin egina zuten hura ohitura bihurtzea. Honela idatzi zien Mardokeok: