23 Juduek ontzat eman zuten, behin egina zuten hura ohitura bihurtzea. Honela idatzi zien Mardokeok:
24 «Hamedataren seme eta Agagen jatorriko zen Hamanek, judu guztien etsaiak, hauek galtzeko asmo gaiztoa hartu zuen. “Pur” edo zotz egin zuen, juduak hondatu eta suntsitzeko egunik egokiena erabakitzearren.
25 Esterrek, ordea, erregeagana jo zuen eta honek idatziz agindu zuen, Hamanek juduen aurka erabakia zuen hondamendia gerta zekiola berari; horrela, bada, Haman eta honen semeak urkabean zintzilikatu zituzten.
26 Horregatik deritze Purim egun horiei; “pur” hitzetik dator hori».Honela, beraz, gutun honetan esaten zitzaiena eta beraiek ikusi eta jasan zutena kontuan harturik,
27 juduek ohitura bihurtu zuten eta ontzat hartu, nola berentzat hala beren ondorengoentzat eta judu egiten zirenentzat, bi egun horiek urte oroz jai egitea, hutsik gabe, agindu horrek zioen egunetan.
28 Belaunez belaun, etxe, eskualde eta herri guztietan gogoratu ohi dira eta bete Purim Egun hauek eta ez dira juduen artean galduko; ez da ahaztuko ere inoiz oroitzapen hau judurik izango den bitartean.
29 Abihailen alaba zen Ester erreginak eta Mardokeo juduak Purim-ei buruzko bigarren gutun bat idatzi zuten, beren aginpide osoz lehenengo gutuna sendotuz.