13 Baina nik sarea botako diot gainera eta tranpan geldituko da harrapatua; Babiloniara eramango dut, eta babiloniarren herrialdean hilko da, hura ikusi ere egin gabe.
14 Beraren ingurukoak, guardia eta gudari-taldeak, alde guztietara sakabanatuko ditut eta ezpataz pertsegituko.
15 Orduan, nazio artean sakabanatu eta herrialde artean barreiatuko ditudanean, jakingo dute ni naizela Jauna.
16 Baina haien artetik batzuk —gerratik, gosetik eta izurritik ihes egindako batzuk— bizirik utziko ditut, joango diren nazioetan beren jokaera higuingarriak konta ditzaten; eta horrela jakingo dute atzerritarrek ni naizela Jauna».
17 Honela mintzatu zitzaidan Jauna:
18 «Gizaseme, egin dar-dar ogia jatean, azaldu estu eta larri ura edatean.
19 Gero, adierazi herriko jendeari nik, Jainko Jaunak, Israelgo eta Jerusalemgo biztanleentzat diodana: Larri jango dute beren ogia eta izu-ikaraz edango ura, herrialdea suntsiturik eta jende gabe geldituko baita, bertako biztanleen indarkeriagatik.