3 «Gizaseme, hitz egin Israelgo arduradunei eta adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Niri kontsulta egitera etorri zarete? Nik, Jainko Jaunak, zin dagit neure biziarengatik, ez dizuedala utziko niri kontsulta egiten.
4 Eta zuk, epai itzazu, epaitu, gizaseme! Aurpegira iezaiezu beren gurasoen jokaera higuingarria.
5 «Nire mezu hau adieraziko diezu: Israel aukeratu nuen egunean, zin eginez lotu nintzaien Jakoben ondorengoei: neure burua ezagutarazi nien Egipto herrialdean eta, zin eginez, Jauna, beraien Jainkoa, izango nintzela agindu nien.
6 Egun hartan, Egiptotik aterako nituela agindu nien zin eginez, eta beraientzat aukeratua nuen herrialdera, esnea eta eztia darizkion lurraldera, guztien artean ederrenera, eramango nituela.
7 Hau eskatu nien: “Bazter itzazue liluratzen zaituzteten Egiptoko idolo higuingarriak, ez zaitezte horiekin kutsa; neu naiz Jauna, zuen Jainkoa”.
8 Baina nire kontra altxatu eta ez zidaten entzun nahi izan; inork ez zituen baztertu Egiptoko idolo higuingarriak, haien lilurapean baitzeuden. Orduan, neure haserre-sumina beraien gain, Egipton bertan, hustu arte isurtzea pentsatu nuen.
9 Halere, ez nuen egin, baizik eta neure izenaren ohorez jokatu nuen, nire izena belztua izan ez zedin israeldarrak bizi zireneko nazioen artean, hauen aurrean agertu bainintzaien haiei Egiptotik atera nituenean.