17 Zeure edertasunak harropuztu egin zintuen, zeure distirak burua nahastu. Horregatik bota zaitut lurrera, eta erregeen aurrean barregarri utzi.
18 Erru asko eta bidegabeko merkataritzaz profanatu duzu zeure santutegia. Zeure baitatik sua sorrarazi dut eta irentsi egin zaitu; errauts bihurtu zaitut, guztien begi aurrean.
19 Ezagutzen zintuzten herri guztiak txunditurik daude, beldurgarria baita zure patua: zureak egin du betiko!»
20 Honela mintzatu zitzaidan Jauna:
21 «Gizaseme, itzuli Sidon aldera eta hitz egin nire izenean haren kontra.
22 Adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Zure aurka nator, Sidon, zure kontura jantziko naiz ospez. Zure aurka epaia bete eta neure santutasuna agertzean, denek jakingo dute ni naizela Jauna.
23 Izurritea bidaliko dizut, odola isuriko da zure kaleetan; hildakoak hiri erdian eroriko dira alde guztietatik egingo dizuten erasopean. Orduan, denek jakingo dute ni naizela Jauna.