11 Esaiezu nire mezua: Ala ni, Jainko Jauna! Nik ez dut atsegin gaiztoa hiltzea, jokabidez aldatu eta bizitzea baino. Itzul zaitezte, beraz, itzul jokabide gaiztotik; zergatik hil behar duzue, israeldarrok?
12 «Zuk, gizaseme, esan zeure herritarrei: Zintzoa, okerbideratzen bada, ez du ordu arteko bere zuzentasunak salbatuko, ezta gaiztoa ere bere gaiztakeriak eroraraziko, jokabide gaiztotik aldentzen bada. Zintzoak ez dio biziari eutsiko aurreko bere zuzentasunagatik, bekatu egiten hasten bada.
13 Zintzoari bizi egingo dela esaten badiot, eta hark, bere zuzentasunaz fidatuz, bidegabekeria egiten badu, ez zaizkio bere egintza zuzenak kontuan hartuko eta hil egingo da bere bidegabekeriagatik.
14 Gaiztoari hil egingo dela esaten badiot, eta hark bekatutik aldendu eta zuzenbidez eta justiziaz jokatzen badu,
15 bahituran hartutakoa bueltatu, ostutakoa itzuli eta, bidegabekeria egiteari utziz, bizia ematen duten aginduetan badabil, bizi egingo da, bai, eta ez da hilko.
16 Ez dut gogoratuko hark egindako bekaturik; zuzenbidez eta justiziaz jokatu duenez, bizi egingo da.
17 «Zure herritarrek erantzungo dute: “Ez da bidezkoa Jaunaren jokabidea”. Beraiena da bidezkoa ez dena.