5 «Betidanik izan zara israeldarren etsai, eta gerra egin zenien beren hondamendi-egunean, azken zigorraren egunean;
6 horregatik, nik, Jainko Jaunak, zin dagit neure biziarengatik, heriotzara emango zaitudala eta heriotza atzetik jarraika izango duzula; heriotza gorrotatu ez duzunez, bera izango duzu atzetik jarraika.
7 Seir mendialde hori, basamortu soil bihurtuko zaitut, eta ez da hortik inor ibiliko.
8 Hildakoz beteko ditut zure mendiak. Muino, haran eta erreka-zoko guztietan geldituko dira gerran hildakoak.
9 Betiko basamortu bihurtuko zaitut eta zure hirietan ez da inor biziko. Orduan jakingo duzu ni naizela Jauna.
10 «“Israel eta Juda herrialdeak gureak dira, gu jabetuko gara horietaz” esan duzu —nahiz eta ni, Jauna, bertan bizi—;
11 horregatik, nik, Jainko Jaunak, zin dagit neure biziarengatik, zuk gorrotoaren eraginez israeldarren kontra azaldu duzun amorru eta grina berberaz jokatuko dudala. Zigortuko zaitudanean, orduan aitortuko naute israeldarrek.