9 Beraz, hau diot nik, Jainko Jaunak: Berriro ez da atzerritarrik, jende erdaingabe eta sinesgogorrik, nire santutegira sartuko, nahiz eta israeldarren artean bizi.
10 «Lebitarrei dagokienez, berriz, beren erruaren ondorioak jasan beharko dituzte; horiek ere baztertu egin baininduten, Israel herria niregandik aldendu zenean berorren idoloen atzetik joateko.
11 Horiek tenpluko ateak zaintzeaz arduratuko dira, eta beste zenbait zerbitzu beteko; beroriek hilko dituzte erre-oparietako abereak eta herriaren beste sakrifizioetakoak; herriaren zerbitzura egongo dira.
12 Izan ere, herriaren zerbitzura egon dira idoloak gurtzean, israeldarrei bekatu eraginez; horregatik, berorien kontra ekingo diot, beren erruaren ondorioak jasan beharko dituzte. Honela diot nik, Jainko Jaunak.
13 Ez dira niregana hurbilduko apaiz-zerbitzuan jarduteko, ezta nire gauza sakratuetara ere hurbilduko, eta are gutxiago guztiz sakratu direnetara. Izan duten jokabide higuingarriaren ondorio lotsagarriak jasan beharko dituzte.
14 Tenpluaren funtzionamendurako beharrezko diren zeregin arrunten ardura izango dute.
15 «Apaiz lebitarrek, Tzadoken ondorengoek, ordea, zintzo bete zuten nire santutegiko zerbitzua, israeldarrak niregandik aldendu zirenean. Beraz, horiek hurbilduko zaizkit zerbitzatzera eta oparietako gantzak eta odola aurkeztera. Honela diot nik, Jainko Jaunak.