10 Eta honela esan zion Abrahami: «Bidal itzazu etxetik mirabea eta beronen semea. Honek ez baitu oinordeko izan behar nire seme Isaakekin batera!»
11 Biziki atsekabetu zen Abraham, Ismael ere bere seme baitzuen.
12 Baina Jainkoak esan zion: «Ez zaitez atsekabe zeure mirabe eta mutikoagatik. Egiozu jaramon Sarak esaten dizun guztiari, Isaaken bidez izango baitituzu ondorengoak.
13 Baina zeure mirabearen seme horren bidez ere herri handi bat sorraraziko dut, hori ere zeure seme duzulako».
14 Abrahamek, goizean goiz jaiki, ogia eta zahato bat ur hartu eta Agarri ezarri zizkion bizkarrean. Hala, haurrarekin batera igorri egin zuen etxetik. Abiatu zen, bada, Agar, eta Beer-Xeba eremuan noragabe ibili zen.
15 Zahatoko ura ahitu zitzaionean, zuhaitz baten azpian utzi zuen haurra
16 eta, urrutiraturik, aurrez aurre eseri zitzaion ehunen bat metrora. Honela zioen berekiko: «Ez dinat neure semea hiltzen ikusi nahi». Ama eseria zegoelarik, negarrez hasi zen haurra ozenki.