35 Rakelek esan zion aitari: «Ez zaitez haserretu, ene jauna, zure aurrean jaikitzen ez banaiz, hilerokoarekin bainago».Dena zehatz-mehatz arakatu arren, ez zituen etxe-jainkoen irudiak aurkitu.
36 Haserre jarri zen Jakob, eta Labani errieta egin zion, ozenki esanez:—Zertan huts egin dut? Zein hoben egin dut zure aurka, niri halako amorruz erasotzeko?
37 Nire ondasunak arakatzean, aurkitu al duzu ezer zeure etxeko gauzetarik? Hala bada, ekarri hona, nire eta zure ahaideen aurrera, eta erabaki dezatela hauek nork duen arrazoi!
38 Hogei urte hauetan zeurekin izan nauzu; inoiz ere ez dute umerik galdu, ez ardiek, ez ahuntzek. Ez dut jan zure aharirik bat ere.
39 Piztiek sarraskituriko abererik ez dizut ekarri: neuk ordaintzen nuen galera; zuk, ordea, beti eskatu izan dizkidazu egunez nahiz gauez ebatsitako abereen kontuak.
40 Beroak jaten ninduen egunez eta hotzak gauez. Loa ihesi zihoakidan begietatik!
41 Halakoak izan ditut zurean iragan ditudan hogei urteak: hamalau urtez zerbitzatu zaitut zeure bi alabengatik, eta beste sei urtez abere-taldea izateko! Hamar aldiz aldatu didazu lansaria!