15 Gu bezalako bihurtzen bazarete bakarrik onartuko dizuegu eskaria, zuen gizonezko guztiak erdaintzen badira, alegia.
16 Orduan, geure alabak emango dizkizuegu emaztetzat eta zuen alabak hartuko geuretzat; zuekin biziko gara eta herri bakar bat izango.
17 Baina erdaindu nahi ez baduzue, geure arreba hartu eta alde egingo dugu».
18 Hitz hauek atsegin izan zituzten Hamorrek eta honen seme Sikemek.
19 Mutila berandu gabe erdaindu zen, hain gogoko baitzuen Jakoben alaba. Eta bera zen bere aitaren etxean ohoragarriena.
20 Hamor eta honen seme Sikem joan ziren hiri-sarrerako plazara eta honela mintzatu zitzaizkien hiritarrei:
21 «Gizon horiek bakezale dira. Daudela gurekin lurralde honetan, eta egin dezatela beren bizimodua bertan, nahiko zabala baita gu eta horiek bizitzeko. Horien alabak hartuko ditugu emaztetzat, eta guk geure alabak emango dizkiegu.