2 Egiptotik ekarritako garia ahitu zenean, Jakobek bere semeei esan zien:—Zoazte berriro garia erostera.
3 Judak erantzun zion:—Gizon hark argi eta garbi esan zigun bere aurrera ez agertzeko, anaia gurekin eraman gabe.
4 Beraz, anaia bidali nahi baduzu, jaitsiko gara garia erostera.
5 Baina nahi ez baduzu, ez gara jaitsiko, gizon hark bere aurrera ez agertzeko esan baitzigun, anaia gurekin eraman ezean.
6 Israelek esan zuen:—Eta zergatik esan behar zenioten gizon hari beste anaia bat zenutela? Jota utzi nauzue.
7 Haiek erantzun:—Gizon hura galde eta galde ari izan zitzaigun gutaz eta gure etxekoez: «Bizi al duzue oraindik aita? Beste anaiarik ba al duzue?» Eta galderei erantzun besterik ez genuen egin. Burutik pasako al zitzaigun, bada, anaia eramateko esango zigunik?
8 Judak bere aita Israeli esan zion:—Bidali mutikoa nirekin. Abia gaitezen. Bestela denok hilko gara: zu, gu eta gure umeak.