23 Josek esan zion herriari:—Hara, gaur erosi zaituztet zuek eta zuen lurrak faraoiarentzat. Hemen duzue hazia; erein zeuen lurretan.
24 Uztaroan, bostetik bat faraoiari emango diozue eta beste laurak zuentzat izango dituzue, ereiteko eta zeuek, zeuen haurrak eta etxekoak mantentzeko.
25 Herriak erantzun:—Bizia zor dizugu! Hau mesedea egin diguzuna! Faraoiak bere esklabo izango gaitu!
26 Honela ezarri zuen Josek Egiptoko lurretan bildutako bostetik bat faraoiari emateko legea. Lege honek gaurdaino dirau. Apaizen lurrak bakarrik gelditu ziren faraoiarenak bihurtu gabe.
27 Israeldarrak Egiptoko Goxen eskualdean bizi ziren. Han lurrak erosi zituzten, seme-alabak sortu eta erruz ugaldu ziren.
28 Egiptora iritsi ondoren, beste hamazazpi urtez bizi izan zen Jakob, ehun eta berrogeita zazpi urte betetzeraino.
29 Azken eguna zetorkiolarik, bere seme Joseri deitu eta esan zion:—Maite banauzu, izan nirekin onbera eta leiala: ezarri eskua nire izterpean eta hitzemadazu ez nauzula Egipton ehortziko.