13 lehen-astakumea arkume edo antxume batekin trukatuko duzue; trukatzen ez baduzue, hil egingo duzue, lepoa hautsiz.«Lehen-semea, ordea, beti berreskuratuko duzue, ordezko eskaintza eginez.
14 Bihar edo etzi zuen seme-alabek honek guztiak zer esan nahi duen galdetzean, hau erantzungo diezue: “Jaunak ahalmen handiz atera gintuen Egiptotik, esklabotzatik.
15 Faraoiak irtetea galarazten zigulako, Jaunak hil egin zituen Egiptoko lehen-semeak eta lehen abere-kumeak; horregatik hil eta eskaintzen dizkiogu lehenbizi sorturiko abere arrak, eta lehen-semeak geuretzat berreskuratzen ditugu, ordezko eskaintza eginez”.
16 Beraz, ohikune hau eskumuturrean edo bekokian ipintzen diren seinaleen gisako izango duzue, Jaunak ahalmen handiz Egiptotik atera zaituztela oroitarazteko».
17 Faraoiak israeldar herriari irteten utzi zionean, Jainkoak ez zuen filistearren lurralderako bidetik eraman, nahiz eta motzena hura izan, borroka egin beharrean aurkituz gero, herriak Egiptora itzuli nahiko zuela uste baitzuen.
18 Horregatik, Itsaso Gorrira daraman basamortuko bidetik itzulia eginarazi zien. Israeldarrak gudaroste baten gisa irten ziren Egiptotik.
19 Moisesek Joseren hezurrak jaso zituen, Josek Israelen semeei zin-hitz hau eginarazi baitzien: «Egiaz, esku hartuko du Jainkoak zuen alde; orduan, eramatzazue nire hezurrak hemendik».