6 Han izango nauzu ni, Horeb mendiko harkaitzean. Harkaitza jo eta ura sortuko da, herriak edan dezan.Hala egin zuen Moisesek, Israelgo arduradunen aurrean.
7 Leku hari Masa eta Meriba —hau da, «Tentalekua» eta «Auzi-lekua»— eman zion izena, han berari aurpegi eman eta Jauna tentatu zutelako, esanez: «Jauna geurekin dugu, bai ala ez?»
8 Refidimen amalektarrek eraso zieten israeldarrei.
9 Orduan, Moisesek esan zion Josueri: «Aukeratu zenbait gizon eta atera amalektarren aurka borrokara. Bihar muinoaren gainean zutik egongo naiz ni, Jainkoaren makila eskuan».
10 Moisesek esan bezala egin zuen Josuek eta amalektarren aurka guduari ekin zion. Bitartean, Moises, Aaron eta Hur muinoaren gainera igo ziren.
11 Moisesek besoei goian eusten zienean, israeldarrak ziren garaile; behera erortzen zitzaizkionean, berriz, amalektarrak.
12 Moisesi besoak nekatu zitzaizkionean, harri bat hartu eta lurrean ipini zuten, bertan eser zedin. Gero, Aaronek eta Hurrek haren besoei eutsi zieten, alde banatatik. Honela, tinko iraun zuten Moisesen besoek, eguzkia sartu arte.