18 Alabak beren aita Reuelengana itzuli zirenean, honek galdegin zien:—Nolatan zatozte gaur hain goiz?
19 Haiek erantzun:—Egiptoar batek defendatu gaitu artzainen kontra. Gainera, berak atera digu putzutik ura eta ardiei edaten eman.
20 Aitak esan zien:—Eta non da bera? Nola utzi diozue joaten? Dei egiozue zerbait jan dezan.
21 Orduz gero, Moises Reuelen etxean gelditu zen bizitzen. Reuelek bere alaba Tzipora eman zion emaztetzat.
22 Emazteak semea izan zuen eta Moisesek Gerxom —hau da, «Etorkin hemen»— eman zion izen, esanez: «Etorkin bilakatu naiz lurralde arrotzean».
23 Aldi luze baten ondoren, hil egin zen Egiptoko erregea. Israeldarrek, bitartean, intziri eta deiadarka ziharduten esklabotzapean. Haiek esklabotzaren barrendik laguntza eske eginiko garrasia Jainkoarenganaino iritsi zen.
24 Aditu zuen Jainkoak haien negar-zotina, Abraham, Isaak eta Jakobekin egindako ituna gogora ekarriz.