13 Baina Moisesek ihardetsi zion:—Hara, ni israeldarrengana joan eta «Zuen arbasoen Jainkoak bidali nau zuengana» esango diedanean, «Nola du izena?» galdetuko didate haiek. Zer erantzun behar diet orduan?
14 Jainkoak erantzun zion:—Izango naizena naiz. Beraz, honela esango diezu israeldarrei: «Izango naizena naiz» deritzanak bidali nau zuengana.
15 Jainkoak Moisesi esan zion, gainera:—Esan israeldarrei: Jaunak, zuen arbaso Abraham, Isaak eta Jakoben Jainkoak, zuengana bidali nau. Horixe izango da nire izena betiko; hala deituko naute belaunez belaun.
16 «Ea, zoaz, bildu Israelgo herri-arduradunak eta esaiezu: Jauna, zuen arbaso Abraham, Isaak eta Jakoben Jainkoa, agertu zait eta Egipton egiten dizuetena ikusi duela esan dit eta zuen alde esku-hartzea erabaki duela.
17 Beste hau ere esan dit: Egiptoko atsekabeetatik aterako zaituztela eta esnea eta eztia darizkion lurraldera igoaraziko, kanaandar, hitita, amortar, periztar, hibiar eta jebustarren lurraldera.
18 «Herri-arduradunek adituko dizute eta haiekin batera Egiptoko erregeagana joango zara eta esango diozue: “Jauna, hebrearren Jainkoa, agertu zaigu; beraz, hiru eguneko bidea egin behar dugu basamortuan barrena, gure Jainko Jaunari sakrifizioak eskaintzeko”.
19 Badakit Egiptoko erregeak ez dizuela joaten utziko, beharturik ez bada.