5 Jaunak esana baitzion Moisesi: «Esan israeldarrei: Herri burugogorra zarete! Apur batez zuekin joango banintz, hondatu egingo zintuzketet. Erantzi, bada, festa-jantziak, eta ikusiko dut zer egin zuekin».
6 Honela, Horeb menditik aurrera, ez zuten israeldarrek festa-jantzirik erabili.
7 Hartu zuen Moisesek etxola eta kanpalekutik urruti ezarri zuen. «Elkarketa-etxola» eman zion izen. Jaunaren nahia jakin nahi zuena, kanpalekutik aparte zegoen elkarketa-etxolara joaten zen.
8 Moises etxolara zihoanean, berriz, herri osoa, nor bere etxolaren sarreran, Moisesi begira egon ohi zen, hura etxolara sartu arte.
9 Moises hara sartu orduko, laino-adarra jaisten zen eta etxola-sarreran gelditzen, Jaunak Moisesekin hitz egiten zuen bitartean.
10 Laino-adarra etxola-sarreran geldi ikustean, herri osoa ahuspez jartzen zen, nor bere etxola aurrean.
11 Jaunak aurrez aurre egiten zuen hitz Moisesekin, lagunak lagunarekin hitz egiten duen bezala. Ondoren, Moises kanpalekura itzultzen zen; baina haren laguntzaile Josue, Nunen semea, ez zen etxola barrutik aldentzen.