14 Hamabi ziren Israelgo hamabi leinuen arabera; harribitxi bakoitzean izen bat zegoen zizelkatua, zigilu batean bezala.
15 Bularrekoari urre garbizko katetxoak egin zizkioten soka bihurrituen antzera.
16 Urre-harizko bi apaingarri eta urrezko bi eraztun egin eta bularrekoaren bi ertzei erantsi zizkieten;
17 urrezko bi katetxoak bularreko ertzen eraztunetan katigatu zituzten,
18 eta katetxoen muturrak urre-harizko bi apaingarriei itsatsi, efodaren sorbalda-babeskiei aurrealdetik lotuz.
19 Urrezko beste bi eraztun eginez, bularrekoaren beste bi muturrei erantsi zizkieten, barrualdetik, efodaren kontra dagoen aldetik.
20 Urrezko beste bi eraztun egin zituzten eta efodaren sorbalda-babeskien aurrealdeko barrenean, josturen ondoan, ipini, efodaren xingola baino goraxeago.