21 Bularrekoaren eraztunak efodarenei purpura morezko lokarriz lotu zizkieten, bularrekoa efodaren xingola baino gorago gelditzeko moduan eta efodari itsatsia, Jaunak Moisesi agindu bezala.
22 Mantua purpura morez ehundua zen;
23 erdian buruarentzat zuloa zuen, eta zuloaren inguru-ertza bular-oskola bezain urraezina.
24 Mantuaren barreneko ertza purpura more, gorri eta gorriminezko granadaz apaindu zuten.
25 Urre garbizko txilinak ere egin zituzten, eta mantuaren inguru-ertz guztian granadekin tartekatu:
26 txilinak eta granadak, txandaka; liturgi zerbitzurako erabiltzen zen, Jaunak Moisesi agindu bezala.
27 Aaronentzat eta beronen semeentzat tunikak egin zituzten liho finez ehunduak;