1 Ondoren, Moises eta Aaron faraoiagana joan eta esan zioten:—Hau esan du Jaunak, Israelgo Jainkoak: Utziozu nire herriari basamortura joaten, ene ohorez festa ospatzera.
2 Baina faraoiak erantzun zien:—Eta nor da Jaun hori, nik haren esana bete eta israeldarrei joaten uzteko? Ez dut halako Jaunik ezagutzen, eta israeldarrei ez diet joaten utziko.
3 Haiek, berriro:—Hebrearren Jainkoa agertu zaigu; utz iezaguzu basamortura hiru eguneko bidean joaten, geure Jainko Jaunari sakrifizioak eskaintzera, izurriz edo ezpataz zigor ez gaitzan.
4 Baina Egiptoko erregeak erantzun zien:—Moises eta Aaron, zer ari zarete herria bere lanetik saihestu nahirik? Zoazte zeuen lanera!
5 Eta, gainera, esan zien:—Gaur egun, lurralde honetan israeldarrak hain ugari direnean, lana utzarazi nahi al diezue?
6 Egun hartan bertan, faraoiak honela agindu zien lan-arduradunei eta langilezainei:
7 «Ez eman aurrerantzean israeldarrei adreiluak egiteko lastorik, orain arte bezala; doazela beraiek lasto bila.