11 Orduan, Eliakimek, Xebnak eta Joahek hau erantzun zioten asiriar ordezkari nagusiari:—Mesedez, hitz egiguzu arameeraz, ulertzen baitugu. Ez mintzatu hebreeraz, harresi gainean dagoen jendea entzuten ari da eta.
12 Ordezkari nagusiak ihardetsi zuen:—Zer uste duzu? Mezu hau zure erregeari eta zuri bakarrik esatera bidali nauela neure jaunak? Harresi gainean dagoen jende horrentzat ere bada, horiek ere beren kaka jan eta pixa edan beharko baitute, zuek bezalaxe.
13 Orduan, ordezkari nagusiak, zutiturik, deiadarka esan zuen hebreeraz mintzatuz:—Entzun ezazue errege handiaren, Asiriako erregearen, mezua:
14 «Ez zaitzatela engaina Ezekiasek, ezin izango baitzaituzte libratu.
15 Ez diezazuela Ezekiasek ustea Jaunarengan jarrarazi, Jaunak libratuko zaituztelakoan eta hiri hau Asiriako erregearen menpean eroriko ez delakoan».
16 Ez aditu Ezekiasi; entzun Asiriako erregeak dioena: «Egin bakezkoak nirekin eta jar zaitezte nire menpe. Horrela nork bere mahatsondoaren eta pikondoaren fruituak jan ahal izanen ditu eta bere putzuko ura edan.
17 Eta gero, zuena bezalako beste lurralde batera, garia eta ardoa, ogia eta mahastiak dituen lurraldera, eramango zaituztet.